Eroritako harresia eta beste harresi batzuk

Liburuaren portada

Liburuaren portada

1989ko azaroaren 9a data historikoa da. Egun horretan, ekialdeko alemaniarrak, gaueko 12etatik aurrera inolako baimen berezirik gabe mendebaldera pasatu ahal izango zirela iragarri zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak. Segidan, zurrumurrua Berlin erdibituaren bi aldeetan zabaldu zen, eta gauerdia baino lehen, Berlingo harresiaren inguruak jendez gainezka zeuden.

00:00ak jo zutenean, Berlin Ekialdeko hiritarrak muga-postuak pasatzen hasi ziren oinez eta automobilez. Hunkipen eszenek hartu zuten protagonismoa: denbora luzez separaturiko familiar eta lagunarteko besarkadak eta malkoak, xanpain eta garagardoarekin eginiko brindisak, ongi etorri opariak bisitariei, loreak muga-postuak zaintzen zituzten soldaduen errifleetan eta frontera zeharkatzen zuten automobiletako haizetakoetan… Pozak, zirrarak eta hordigarri zen askatasun sentimenduak gainontzeko guzia burutu zuten. Pixkanaka-pixkanaka milaka berlindar harresia eskalatu, eta kasu askotan, soka, pikotxa eta zizelekin, egi bihurtu zuten urteetako ametsa: Berlingo harresia eraistea.

Hamar urte beranduago, EHUko eraikin aurrefabrikatu batean, nire bolalumak azkenekoak ematen zituen udarako oporrak hartu baino lehen. Karrerako atzen azterketa zen eta paperean idazten nituenak Ekialdeko Europa maiz ekartzen zuten eztabaidara. Lehenengo, Bosnia-Herzegovinarako Dayton-en sinatutako bake akordioa izan nuen hizpide. Ondoren, hilabete batzuk lehenago NATOk Serbia, Kosova, Vojvodina eta Montenegroren aurka burututako bonbardaketaz aritu nintzen. Ziurtasun gutxi nituen, konplexuak baitira, izan, Balkanetan sortutako gatazkak ulertzea. Horregatik, galdera ugari bururatu zitzaizkidan arren, sinple batek laburbiltzen zuen nire gogoeta: nola zen posible unibertsitateko irakasleek, Amerikako Estatu Batuek, Europar Batasunak eta hedabide guziek serbiarrak “gaizto” izendatu izana?

Abiada handiz osatzen nituen hitzak eta lerroak ez ziren neutralak; ohikoa ez den gertutasunez deskribatzen nituen gatazkak, protagonistak eta lekuak. Izan ere, udara hartan burutuko nuen bidaiaren atal bat bilakatu zen azterketa. Eiderrek eta biok, Ekialdeko Europara interrailez bidaiatzeko erabakia hartu genuenetik, herrialde hauei buruzko informazioa baino ez nuen irakurtzen obsesiboki.

Bidai batek hiru parte edo bizipen dituela esango nuke nik. Lehenengoa, prestaketa garaia izaten da: informazioa bildu, herrialdeei buruz irakurri eta ibilbidea pentsatu. Bigarren momentua, bidaiaren bizipen fisikoari dagokio; eta azkenik, hirugarrena, bueltan burutzen den kontakizuna da.

Oraingoan prestaketa faseak kutsatu zuen azterketa. Veneziako Santa Luziako tren geltokian nuen burua nonbait. Zorionez, bertan ginen pare bat aste beranduago. Kanalen hiritik eraman gintuen trenak Budapestera, 1956eko iraultzaren agertokira. Ondoren, 1968ko udaberrian sortutako haize freskoak eta 1989ko belusezko iraultzaren ilusioak bat egiten duten hirira iritsi ginen. Pragako txoko zoragarri eta misteriotsuak nahi genituen ezagutu.

Bohemiar hiriburuaren edertasunak Poloniako Krakovian jarraipena izan zuen. Baina ez luzez, historiaren atal krudelenetako batekin lotu zigun zita Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruak. Ondoren, hitzordu triste hauek biderkatu egin ziren Balkanetako paisai ederretan. Eguzkia eta itsasoa bilakatu ziren protagonistak Esloveniako alpeak agertu arte. Ljubljanan Euskal Herria inoiz baino gertuago sentitu genuen.

Zoragarria zen bidaiaren zuzeneko bizipena. Paraje politak okupatzen zituzten hamarnaka hizkuntza, kultura eta herri topatu genituen. Urte askotan inperialismo ezberdinek zapalduak, baina beraien naziotasuna eta nortasuna berreskuratzeko gai izandakoak. Nahiz eta gaur egun beste inperio batek arriskuan jarri dituen. Gizartearen eredu kultural, ekonomiko eta politikoa Washingtonen bilatu dute herrialde hauetan. Non-stop kiosko, denda eta supermerkatuak nonahi ikusten dira. Amerikako Estatu Batuetan bezala, umeek egunkariak kaleetan saldu eta agureek lan egiten dute dituzten pentsio eskasak osatzeko.

Horiek eta gehiago behatu genituen gure bidaian, baina azkenean Euskal Herrira bueltatu eta kontakizunaren fasea hasi zen. Irakurleak, seguruenik, bidaietatik bueltan bere buruari bidaia-albuma bat egitea agindu dio noizbait. Zenbatetan familiakoek edo lagunek ateratako argazkiak eta bidaian zehar gordetako museo eta kontzertuetako sarrerak, garraio publikoetako txartelekin tartekatu dituzue. Gero horien artean, baten batek guzti hauek narrazio testu txiki batez laguntzeko ardura hartuko zuen noski. Eta azken hau, niri egokitu zitzaidan.

Tamalez, agindutakoa betetzeko bi urte igaro behar izan ziren. Orduan, Aramaion Bidaietako Literatur lehiaketa bat ospatzen zela jakin eta 40 orrialde baino ez zituztenez eskatzen aurkeztu egin nintzen. Azkenean, IV. Aramaioko Sagitario Saria – Bidaiari Handien literatur lehiaketaren (2001) epaimahaiko aipamen eta sari berezia jaso nuen Gaueko expresoak idazlanagatik.

Horrek bultzatu ninduen liburua prestatzera. Aspektu politikoetan zentratu nintzen, historia ere ukitu nuen eta gutxitutako herri eta hizkuntzei arreta berezia jarri nien. Politikoki egokia izan behar horretaz libre sentituta, ikuspegi subjektibo batetik idatzitako lana da. Izan ere, bidai honetan nik neuk barne bizipen ugari edukitzeaz gain, nire buruarekin elkarrizketak izan nituen.

Horregatik, azkenean liburu honetan bidaia aitzakia bihurtzen da. Aitzakia, Ekialdeko Europa ezagutzeko, aitzakia zonalde honetako herri eta nazioetaz hitz egiteko, aitzakia historia eta gatazkak aztertzeko, aitzakia nire nortasun pertsonalaren osaketan pieza bat gehiago ezartzeko.

Asier BM

(Artikulu hau 2004ko abenduan izan zen argitaratua Hitzak eta Ideiak aldizkariaren 25. zenbakian)

Atzoko eta Gaurko Harresiak liburuaren pasarte batzuk hemen irakurri daitezke.

Advertisements
This entry was posted in Articles (media), Books, Eastern Europe, International. Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

w

Connecting to %s