#U21 Recomendation Of The “Day After” For Basque Nationalists: Be As Moderate In Celebration As In Campaign

#U21 biharamuneko gomendioa abertzaleentzat: kanpainan bezain moderatuak izan ospakizunean

Kito, bukatu da. Orain hasten da interesgarriena: emaitzak hartu eta poliki aztertzeko garaia da, presarik gabe. Halere, analisi sakonago batentzako lehen zirriborroa aurkeztu nahi dut gaur:

a)       Parte hartzea: %63,7koa izan da, gutxi gorabehera espero nuena, batez ere jasan dugun kanpaina aspergarria eta moderatuagatik. Ondorioz, Eusko Legebiltzarra osatzeko ospatu diren hamar hauteskundeetatik, hauek izan dira laugarren abstentzionistenak; bakarrik 1980, 1990 eta 1994an egon zen parte hartze txikiagoa.

1. grafikoa: hauteskunde erroldako portzentajeak erabilita botoaren eta abstentzioaren garapen historikoa

b)       Sorpresa: Hauteskunde guztietan egon ohi da ezusteko bat edo beste. Horren zain nengoen, baina ez nuen uste Gipuzkoatik etorriko zenik. Kanpainaren azken egunean egin nuen nire apustua Beranduegik antolatutako porran, behin argi nuenean parte hartzea txikia izango zela. Kasu honetan, atzo esplikatu nuen bezala, gero eta parte hartze baxuagoa, orduan eta aukera gehiago EH Bilduk eserleku gehiago lortzeko. Logika honek funtzionatu behar zuen, baldin eta EH Bilduk Gipuzkoako eta Arabako bere posizioak sendo mantentzen bazituen. Horrela gauzak, nire apustua honakoa izan zen: EAJ 24, EH Bildu 23, PSE 15, PP 10, Ezker Anitza 2, UPyD 1. Bide batez, parte hartze txikiak beti laguntzen du alderdi txikien ordezkatzea, horregatik, Ezker Anitzari bi eserleku esleitu nizkion, jakinik baten batek ihes egin ziezaiokeela Ezker Batuarekin sor zitekeen boto nahasteagatik eta garbi ikusten nuelako Equok boto asko eskuratuko zituela Araban. Azkenean nahasketa edota boto zatitze hau pentsatutakoa baino garrantzitsua suertatu da.

c)       Eserlekuen banaketa: Igandean honako galdera egiten nuen, “zein eskenatokira bueltatu gara (abertzale eta espainolisten) indar harremanenen jokoan? 80. Hamarkadara? 90. Hamarkadara? Tarteko bide batetara?” Nire apustua garbia zen, aurretik aipatu dudan parte hartze txikia kontutan izanik, tarteko bide batetara gindoazela uste nuen, 47 diputatu esleitzen nizkien indar abertzaleei eta azkenean 48 izan dituzte (parlamentuko ordezkarien %64), nahiz eta hein handi batean hau posible izan da Ezker Anitza, Ezker Batua eta Equoren artean sakabanatutako boto federalista eta ezkertiarra ez delako ordezkatu parlamentuan. Hirurek bat egin izan balute, orain ezker federalista horrek lau diputatu eskuratzeko modua izango luke. Ondorioz, EAJk bi parlamentari galdu eta, orotara, abertzaleek 46 eserleku izango lituzkete. Edonola ere, azkenean abertzaleek beraien botoak oso ondo maximizatu dituzte bi zerrenda bakarrik aurkezten dituztelako. Horri esker, 10 legegintzaldietatik hau izango da bosgarren abertzaleena (1980, 1984, 1986 eta 1990ko hauteskundeetatik irten ziren legebiltzarrak ordezkaritza abertzale zabalagoa zuten), edo bestela esanda, abertzaleek aldatu egin dute azken 18 urteetako joera.

d)       Baliozko botoen portzentajea: abertzaleek botoen %59,6a atera dute, hau da, aurreko bederatzi deialdietako batez bestekoaren berdina. Beraz, honako hauteskunde hauek boto erlatiboan ez dira abertzaleen emaitza hoberenen artean aurkitzen. Halere, kasu honetan, diputatuen esleipenean bezala, emaitza historikoak dira 1990 urtea ez geroztik lortu dituzten portzentaje erlatibo hoberenak direlako.

e)       Hauteskunde erroldako botoa: abertzaleak hauteskunde erroldaren %37,2a lortu dute; nazionalista espainolek %20,5; eta federalistek (EA, EB, Equo) %3,3. Hiru esparru politikoen kasuan, aurreko deialdietako batez bestekoaren azpitik daude, abertzaleen batez bestekoa %38,7 zen; nazionalista espainolena %23,2; eta, azkenik, federalistena %3,8. Hau horrela izatea normala da parte hartzea txikiagatik. Baina, hausnarketa ezin du izan berdina esparru politiko guztientzako. Abertzaleen kasuan, urteetan espainiar nazionalistei ateratzen zieten distantzia nola joan zen murriztuz ikusi ostean, orain joera aldaketa inportante bat eman da. Baina talde arteko konparazioak alboratuko bagenitu, abertzaleek adierazle honetan lortu dituzten emaitzak historiako laugarren txarrenak dira (hamarretik).

2. grafikoa: Abertzale eta espainiar nazionalisten arteko distantzia hauteskunde erroldako ehunekotan

Datu hau sakonki hausnartzeko modukoa da. Izan ere, abertzaleentzat aurre baldintza ezin hobeagoetan ospatu dira hauteskunde hauek. Gogoratu ditzagun zein pizgarri zituzten hauteskundeetara gerturatzeko: 1) Ezker abertzaleko jarraitzaileen botoa legala izango zen, beraz, hori bazen estimulu bat hauek botoa emateko; 2) ETAk indarkeria betirako utzi duenez, azkeneko urteetan ezker abertzalearen periferian lekutu zen hautesleria mobilizatuko zela espero zitekeen (fenomeno hau azkeneko bi hauteskundeetan ikusi genuen); 3) EAJ inguruko hautesleriak mobilizatu beharra zuen abertzaleen arteko borroka estuagatik; eta 4) sozialistek ordezkatu zuten gobernu nazionalista espainolarekin bukatzea bazen pizgarri nahikoa abertzale guztientzat. Hauei erantsi Kataluniako edo Eskoziako prozesuak eta nork esango zukeen baldintza hobeagorik topatu zitzaketenik abertzaleek? Ba bai, bazeuden, Espainia marka lur jota dago eta krisi ekonomikoa Ebrotik behera dezente gogorragoa da gurean baino. Eta halere, guztia alde izanda, 660.554 izan dira abertzaleek jasotako boto-uzta, zenbakien objektibotasunean emaitza onak (nahiz eta urruti 1986 edo 2001eko datuetatik), baina koiunturaren subjektibotasunetik ez hain onak.

f)        Eusko Alderdi Jeltzalea: hauteskundeetako eta hegemonia abertzalearen inguruko borrokan garaile argia izan da. Azkeneko bi deialdietan izan zuen gainbeherari buelta eman dio nabarmen. Foru-hauteskundeetan baino 50.000 boto gehiago eta Espainiako kongresurako hauteskundeetan baino 60.000 boto gehiago eskuratu ditu. Bere alde duen beste emaitza azpimarragarri bat da lortutako homogeneotasun gradu altu samarra hiru lurralde historikoetan. Gutxigatik ez du irabazi Gipuzkoan (9 eserleku), baina oraingoan Araban (7 eserleku) nagusitu egin da Bizkaian (11 eserleku) bezala. Nabarmentzeko beste datu bat da bere nagusitasuna Ezkerraldean (herri guztietan irabazi du, Portugaleten izan ezik). Ildo horretan, EAEko lurralde erdaldunenetan bere indarra irmoki zabaltzen ari da. Guzti honek ez du kentzen EAJk dituen zenbait arazo, baina horiei buruz beharbada beste batean hitz egingo dut edota bestela Ion Ansaren analisiari itxoingo diogu .

g)       EH Bildu: Emaitza onak izan ditu, noski. Dena den, espektatibak altuak ziren. Irabaztea espero zuten askok, besteak beste, euskal nazionalismoaren hegemonia jeltzalea zalantzan jartzeko. Baina, azkenean Amaiur baino babes txikiagoa lortu du EH Bilduk (nahiko urruti 300.000ko markatik). Gipuzkoan 15.000 boto inguru jaitsi da, baina hauek ez dira konpentsatu Bizkaiko (6000 inguru) eta Arabako (1500 inguru) boto kopuru hobekuntzarekin. Horren ondorioz, uka ezina da bere hautesleriaren parte batean behintzat frustrazio pixka bat sortu dela. Gai honi buruz sakonki idatziko dut hurrengo hilabeteetan, baina orain izan dituen bi arazo aipatuko ditut gainetik. Lehenengoa, koiuntura arazo bat izan dute Gipuzkoan, garrantzitsua izan daitekeena hiru aspektu diagnostikatzeko: 1) Komunikazio politikoa; 2) Kudeaketaren balorazio kritikoa (aspektu negatibo eta positiboak detektatuz); eta, 3) Gobernugintza eta hauteskundeen dinamikaren arteko dialektika ulertzeko. Esperientzia honetatik alderdi batek ikasi egin behar du, EH Bilduren kasuan gainera, ez da hain kezkagarria Gipuzkoan gertatutakoa. Normaltasunez hartu beharko lirateke gorabehera txiki hauek, zuzentzeko modukoak diren artean behintzat. Arazo potoloagoa da bigarrena. EH Bildu alternatiba bilakatu behar bada, ezinbestean lehenago edo beranduago konpondu beharko du Bilbo Handian duen arazo estrukturala. Hauteskunde hauetan bere posizioak hobetu ditu, baina halere, ezkerreko independentismoa sendotu behar bada, halabeharrez babes handiagoa lortu behar du Euskal Herriko metropoli bakarrean. %15aren bueltan dabil eta ezin du izan nahikoa, gutxienez %20-25era iritsi beharko luke, batez ere, begiratzen badugu zein izan den ibilbide historikoa eskualde honetan. Ez dut orain azterketa zehatz bat egingo, baina adibide bezala Portugaleteko datuak emango ditut (Barakaldokoak izan zitezkeen edo beste edozein herrikoak):

1986: parte hartzea %67,25; HB 4.114 (%13,84); EE 3.939 (%13,25); EA 2.250 (%7,57).

2012: parte hartzea %63,68; EH Bildu 3.635 (%14,8).

h)       Prozesu independentista bati begira:  parte hartze txikiarekin egiten den nazioa eraikitzeko ibilbidea motza da, oso motza. Egia da une honetan Eusko Legebiltzarrean gehiengo abertzale garbi bat dagoela eta honek balio dezake kudeaketa hutsean oinarrituriko politikagintza garatzeko, normaltasuna deitzen zioten Gabriel Almond-ek eta Sidney Verba-k. Zilegi da hautu hori egitea, baina garbi izan behar da gurera etorrita normaltasunak esanahi duela Espainian jarraitzea. Prozesu soberanista bat martxan jarri behar bada, prozesu independentista bat martxan jarri behar bada, ezinbestekoa da hauteskunde mobilizazio handiagoa.

Advertisements
This entry was posted in Basque politics, Blog posts, Elections and tagged , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

Connecting to %s