Time for Deepening Democracy

Article published in newsmagazine Argia, No. 2161 (Larrun supplement No. 126, pages 16-17), November 30, 2008 (in Basque):

Demokrazian sakontzeko unea

30 urte pasa dira Euskal Herrian demokrazia parte-hartzaileaz hitz egiten hasi zenetik. Hegoaldean Trantsizio garaia zen, eta sarritan herritarrek okupatzen zituzten udaletako osoko bilkurak politikariekin batera deliberatzeko. Zinegotzien eztabaidetan herritarren parte-hartzea sustatzearen beharra aipatzen zen, eta kalean, elkarteek, herri-mugimenduek, asanbladek, herri batzarrek edota auzolanek zuten protagonismoa herrigintzan.

Ordutik gauzak nabarmen aldatu dira, gaur egun ordezkagarritasuneko demokraziak du protagonismoa, nahiz eta hau larriki pobretzen ari den Hego Euskal Herrian Ezker Abertzalearen legez kanporatzea gertatu denetik. Winston Churchill-ek azaldu bezala, sistema guztien artean kalte txikiena sortzen duena delakoan ematen zaio legitimazioa; baina horrek ez du esan nahi erregimen “on” bezala definitzen denik inondik inora. Duen izaera demokratiko eskasari zuzentzen zaizkio kontrako kritika nagusiak. Ohiko salaketa da herritarrek bozkatu egiten dutela lau urtetik behin, eta segidan, botereak euren nahiak eta iritziak ahaztu egiten dituela enpresa handiekin eta botere ekonomikoa dutenekin harremanak estutzen dituen bitartean.

Egoera horri irtenbide gisara batzuk, eta gizartea eraldatzeko asmoz beste askok, 1990eko hamarkadan berrindartzen saiatu ziren demokrazia partehartzailearen bandera. Ordukoak dira lehenengo aurrekontu parte-hartzaile* saiakerak. Aurreko esperientziekin konparatuz, esperientzia berriek desberdintasun nagusi bi zituzten: alde batetik, arlo metodologiko eta komunikatiboak zainduago zeuden, eta bestetik, pertsona arteko eta kolektibo arteko harremanek leku berezia zuten prozesuetan indibidualismo berriari aurre egiteko modu gisa. Izan ere, ez dago komunitatetik komunitatearentzako erabaki bat hartzeko modurik, gai ez bagara ondokoaren egoeran jartzeko.

Parte hartzea amaigabeko prozesu pedagogiko bezala ulertzea eskatzen du horrek halabeharrez: entzun (bestearen legitimitatea onartuz elkarbizitza errazteko), hitz egin (printzipioen, ideien eta ikuskeren aniztasuna errespetatuz), eztabaidatu eta aztertu (ez bakarrik sintomak baita ere egiturazko kausak), eta erabaki kolektiboak hartu eta hauek izango dituzten ondorioak baloratu.

Beraz, ariketa parte-hartzaileak kooperazio kolektiboa eta komunitate sentimendua irmotzeko denbora, lana eta errespetua behar ditu. Ildo horretan, pertsona guztiek ez dutelako parte-hartzeko aukera berdina, herritar parte-hartzea sustatzeko esparruek ahaleginak egin behar dituzte aukera berdintasuna segurtatzen; hau da, gizartean dauden desoreka ekonomiko, politiko eta sozialei aurre egiten ahulenen edota baztertuenen egunerokotasunera gerturatuz eta hauen parte-hartzea bereziki bultzatuz. Horretan aritu dira Euskal Herriko zenbait udal. Donostiak urteak daramatza gaia lantzen eta bere eredua bilatzen. Hernanin, Alegian, Beran, Diman, Arrigorriagan eta beste zenbait herritan izan dira edo prestatzen ari dira aurrekontu parte-hartzaileak. Baina ez dira bakarrak, beste askok erabili izan dituzte tresna parte-hartzaile bezala Tokiko 21 Agendetako foroak edota Eusko Jaurlaritzak bakegintza eta normalizazioari buruz bultzatutako elkarrizketa-foroak. Zenbaitek arrakasta handiagoa izan dute beste batzuen alboan, baina guztiek izan dute helburu demokrazian sakontzea ikuskera parte-hartzailetik, hau da, pertsonen arteko elkarrekintza bultzatzetik. Hastapenak izan dira eta oraindik lan asko dago egiteko.

Oro har, demokrazian sakontzeko bi proposamen daude. Alde batetik, zuzeneko demokrazia indartzea; eta bestetik, demokrazia parte-hartzailea bultzatzea. Biak ez dira baztertzaileak eta ziur aski bien arteko konbinaketa bat egitea komeniko litzateke. Zuzeneko demokrazia parte-hartzailea sustatzen duten ereduen artean aurki genitzake Suitza, baita Eslovenia, Austria eta Amerikako Estatu Batuetako zenbait estatu ere.

Ikuskera honetan helburua erabakitzea da. Horretarako jendea gerturatu egiten da hautestontzietara eta bozkatu egiten du erreferendumetan. Ez dago elkarrekintza askorik eta askotan hartutako erabakiek ez dute izaten inolako begirunerik ondokoarekiko.

Izan ere, ez da komeni egungo gizarte indibidualistetan demokrazia izatea lehentasunen agregazio hutsa. Zuzeneko demokrazian sakontzeko planteamenduak arriskutsuak izan daitezke baldin eta harreman pertsonal eta kolektiboen dimentsioa garatzea proposatzen ez bada. Suitzan, adibidez, emakumeek ez zuten bozkatzeko eskubidea lortu 1980ko hamarkada arte, behin eta berriro erreferendumetan ukatu zitzaielako.

Alde horretatik, interesgarriagoa iruditzen zait demokrazia parte-hartzailearen diskurtsoak egiten dituen proposamenak. Honen arabera, demokrazia parte-hartzaileak izan behar du tresna publiko eta politiko bat gobernua eta biztanleriaren artean pertsonen beharrak eta politikaren norakoa eztabaidatzeko. Horrela, egungo demokraziak hiru botere aurreikusten baditu (legegilea, betearazlea eta judiziala), demokrazia parte-hartzaileak bat gehiago erantsi nahi dio: herritarra. Bestela esanda, Estatuko aparatutik kanpo, gizarteak estatua kontrolatzeko sortutako eremu publikoa izan behar dute esparru parte-hartzaileek.

Klabe honetan ari dira lanean Uruguain. 1990an Frente Amplio-k irabazi zituen hauteskundeak Montevideoko Udalean eta segidan jarri zituen herritarren parte-hartzea bultzatzeko politikak: aurrekontu partehartzaileak eta dezentralizazio politikoa, soziala eta parte-hartzailea hiriko barruti desberdinetan. Arrakasta izan zuten eta horri esker, besteak beste, koalizio horrek irabazi zituen gehiengo osoz 2004ko hauteskunde presidentzialak. Halere, betiko arazoarekin egin zuten topo: Nola sustatu parte-hartze politikak estatu mailan? Zaila da erantzuna topatzea, baina garbi dagoena zera da: bai tokiko administrazioan, bai eta besteetan parte-hartzeak arrakasta izango badu bertan hartutako erabakiek azken erabakian eragina izan behar dutela. Ez da baldintza nahikoa arrakastarako, baina bai ezinbestekoa, beharrezkoa.

*Aurrekontu parte-hartzailea prozesu demokratiko zuzena, borondatezkoa eta unibertsala da herritarrek udalaren aurrekontu eta politika publikoak eztabaidatu eta definitu ahal izateko. Hau da, udalerriaren gastuak erabaki eta kudeaketa kontrolatzeko. Eta horretarako, zuzeneko demokrazia eta ordezkapenezko demokrazia uztartzen ditu.
Advertisements
This entry was posted in Argia magazine, Articles (media), Basque politics, Democratic innovation and tagged , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

w

Connecting to %s