Krisiak irtenbidea du ezkerreko ate subiranotik

Article published in Newspaper Berria, February 6, 2013 (in Basque):

Krisiak irtenbidea du ezkerreko ate subiranotik

Krisi ekonomikoa eta kapitalismoaren arteko affaire-a ez da berria, aspalditik dator. Aspalditik datorren bezala kapitalaren nagusitasuna klase borrokan. Ekonomiako tartaren parte geroz eta handiagoa hartzen joan da kapitala, soldatek bere parte hartzea txikitu duten neurrian. Horregatik izan da hain garrantzitsua hazkunde ekonomikoa izatea ongizatea segurtatzeko. Ekonomiaren tamaina handitzen bazen, soldata gordinak (kuantitatiboki) handitu ahal izango ziren, nahiz eta ekonomiaren banaketan pisu erlatiboa (portzentajea) galdu. Eta nola handitzen zen ekonomiaren tamaina? Besteak beste, kolonialismo ekonomikoarekin, herri garatuek egikaritu dutena munduan zehar.

Dena den, eredu hau aspalditik dago krisian. Azkeneko hamarkadetan soldaten erosahalmenak behera egin du nabarmen herrialde aberatsetan, eta hori «konpontzeko» modu ia bakarra asmatu zuten: kreditua. Baina, zorpetzeak muga bat du azken urteetan ikusi dugun moduan. Horregatik, egungo krisi ekonomikoa langileen aberastasuna desjabetzeko prozesuan beste pauso bat baino ez da. Gutxi batzuk gehiago aberasteko bidean bost dimentsio agertu dira gutxienez. Lehenengoa, krisia hasi aurretik, estatuak zergak jaitsi zizkien herritarrei, baina bereziki aberatsei eta enpresei, administrazio publikoen finantzaketarako gaitasuna ahulduz. Bigarrena, burbuila finantzarioak eta adreiluarenak eztanda egin eta langabezia handitu eta administrazio publikoen zerga-bilketa asko txikitu zen. Hirugarrena, zor pribatua publiko bilakatzea izan da, hartara, aurretik burbuilarekin aberastu ziren horien galerak herritarren lepotik ordaintzen ari gara. Baina, hori egin ahal izateko, ezinbestekoa da laugarren dimentsioa, aurreko iruzurraren ondorio bat bezala aurkeztu digutena: sektore publikoa murriztu egin behar da diru publikoaren parte horrekin bankuek sortu duten anabasa ordaintzeko. Ondorioz, langile publikoak kaleratzen dira egunero, langabezia-tasa igo eta estatuaren birbanaketa politikak ahuldu egiten dira. Emaitza garbia da: jendarteratutako diru kopurua nabarmen jaisten da, esku pribatu gutxi batzuetara bideratzen delako, eta horrek kontsumoaren beherakada ekarri du, eta bosgarren dimentsioa agerrarazi: soldata eta lan baldintzen kaskartze orokorra. Beraz, ondo formatutako langileak geroz eta gehiago joango dira atzerrira lan bila, eta etxean geldituko direnak baldintza kaskarretan egongo dira.

Krisiaren bost dimentsio hauek bi legitimazio modu dituzte: sistema demokratiko-liberala eta hedabideak. Bi botere horien kontrola zein eskalatan garatzen den ikustea garrantzitsua da. Oro har, erabakitze guneak herritarrengandik geroz eta urrunago egon, orduan eta zailagoa da politikarien kontu-emate lana egitea eta errazagoa da haiek kapitalaren esanetara jartzea. Estatu handietan politikariak urrun daude herritarrengandik, eta, horri esker, haien interesen aurkako erabakiak errazago har ditzake, urruntasunatek ematen duen babesetik. Adibidez, Errusian edo AEBetan ia ezinezkoa da herritar soilentzat eragitea politikan eta hedabideetan. Antzera gertatzen da gurera bagatoz: euskal herritar batek, erabakiak Madrilen edo Parisen hartzen diren artean, haien gainean eragiteko gaitasun txikiagoa izango du balizko Euskal Herria independente batean baino. Norbaitek ba ote du dudarik Gabonetako pagarekin gertatutako aferaren aurka, murrizketekin gertatzen ari diren edo lan erreformarekin gertatutakoaren aurka errazago borrokatu gintezkeela gure esparru txikian?

Horregatik, ikuspegi demokratiko batetik eskala txikiko erabakitze guneak hobeak dira. Gertutasunak dentsitate hobea duten demokraziak ahalbidetzen ditu: herritarren interesak hobeto ordezkatzen ditu, beraien zuzeneko parte hartzea errazten du eta hedabide handiek duten eragina txikitzen. Baldintza horietan ez da hain erraza herritarren gehiengoaren aurkako doako erabakiak hartzea. Ildo horretan, Zientzia politikoetan enpirikoki demostratuta dago estatu txikiek hobeto ordezkatzen dituztela gehiengoen nahiak.

Gertutik erabakiak hartzea ona da, ekonomiaren ikuspegitik herri eta eskualdeen beharretara hobeto egokitzeko modua ahalbidetzen du, baina batez ere ikuspegi demokratiko batetik sakontasuna eskaintzen du. Izan ere, bestelakoa esan diguten arren, demokraziaren dentsitateak zerikusi zuzena du birbanatze politiken norabidearekin. Erabakiak gertutik hartzen ditugunean, kontrol demokratiko handiagoa dago eta, beraz, zailagoa da gehiengoaren nahien kontrako erabakiak hartzea. Kontu-ematea eraginkorragoa da. Horregatik, Josep Maria Colomerrek (2001, Political Institutions, Oxford University Press) demostratzen du tamainak garrantzi handia duela politika publikoen norabidea boto-emaile ertainaren gogoekin lotzeko eta, horrek, ezinbestean harremana du birbanaketa politikekin, Arend Lijphartek demostratzen duen bezala (1999, Patterns of Democracy, Yale University Press): tamaina txikiko herrialdeak dira ongizate estatu garatuenak dituztenak.

Halere, badakigu eskala txikian partida osoa ez dela jokatzen, eskala handia ere garrantzitsua da. Azken horretan kapitala eroso sentitzen da, eta ahal duen neurrian erabakiak hartzeko guneak eskala horretan kokatu nahi ditu. Horren aurrean, ezinbestekoak dira langile eta herritar xeheen konplizitate eta aliantzak Europan eta munduan, baina horiek elikatzeko ezinbestekoak dira tokiko borrokak. Hemen eta han jaio behar dira alternatibak, erreferentzia izan daitezen Europan eta munduan. Posible da, egingarria da. Latinoamerikak erakutsi digu bidea. Alde horretatik, Euskal Herria independente batek ez dio kalte egingo egungo Estatu espainiarreko langileei, ez da gutxiagorik ere. Gurean langileen bizi baldintzak hobetu baditzakegu, adibide horrek lagundu egingo ditu Ebrotik beherako eta Aturritik gorako langileen borrokak, ez izan dudarik.

The article’s longer version was published (2013-01-17) by Manu Robles-Arangiz Institute: “Krisiak irtenbidea du ezkerreko ate subiranotik“.

Advertisements
This entry was posted in Articles (media), Basque politics, Left-right politics, Secessionism, Socioeconomy and tagged , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Change )

w

Connecting to %s