Greba orokorrak duen balioaz

The article was published (2013-05-28) by Manu Robles-Arangiz Institute:

Greba orokorrak duen balioaz

Heldu diezaiogun betiko galderari: zertarako balio du? Greba langileek dugun borroka tresna garrantzitsuenetako bat da. Halere, ez da erraza izaten huelga batek lortu duena komunikatzea, bereziki hedabide klasiko gehienak aberatsen esku daudelako. Arrakasta maila neurtzeko bi dimentsio hartu ditzakegu kontutan: materiala eta ez materiala.

Materiala da aldarrikapen zehatza, neurri batzuen kontra edo berri batzuen alde egitea da. Alde horretatik, erakunde publiko batek edo enpresa pribatu batek inposatu dituen neurri batzuk atzera bota nahi badira, garbi dago erdietsi ezean ez dela helburu hori lortuko. Halere, horrek ez du esanahiko grebak ez duela ezertarako balio. Herritarren gehiengoaren kontrako eraso bat erantzunik gabe geratzen bada, eraso gehiago etor daitezke atzetik. Norbaitek murrizketen sokatik tira egiten badu eta erantzunik jasotzen ez badu, tira egiten jarraituko du. Egoera horri aurre egiteko grebak erantzun bat antolatzen du soka tenkatuz, jakinaraziz hemen gaudela herritarrak eta ez gaudela prest interes orokorraren kontrako neurriak onartzeko

Baina greba orokor baten inpaktua neurtzeko beste dimentsio bat kontutan hartzea ezinbestekoa da: ez materiala. Gobernuek jasotzen dituzten presioak boteretsuenenak dira, berdin du atzerritik, mundu finantzariotik edo enpresa handien mundutik izan. Subjektu hauek indartsuak dira eta aktiboki baldintzatzen saiatzen dira politika publikoak. Aldiz, herri xeheak ez du hainbesteko indarrik politika publikoak baldintzatzeko, baldin eta antolatzen ez bada eta subjektu kolektibo bezala agertzen ez bada. Badakigu ez direla garai onak subjektu kolektiboak eratzeko. Herritarren artean lan baldintza oso desberdinak ditugu eta egoera zatikatu horrek zaildu egiten du langabetu, prekariatu, funtzionario, enpresario txiki eta autonomoen arteko puntu komunak aurkitzen, egoera diagnostikatzen eta elkar errekonozitzen. Halere, beharrezkoa da ariketa hori egitea gehiengoaren etorkizun duina eta interes orokorra defendatzeko.

Izan ere, jakin badakigu botoak eragin oso mugatua duela interes orokorra defendatzerakoan eta orain, krisi garaian, ordezkapeneko demokraziak huts egin du inoiz baino argiago; han eta hemen ikusten ari gara alderdi politikoen programak ez direla betetzen, hain zuzen ere, Europako gobernu askok, gehiengoaren interes orokorra defendatu beharrean, kapital finantzario eta boteretsuenen interes partikularraren esanetara jarri baitira.

Arazoa ez da berria, ia konbentzitu gaituzte gauzak ez daudela aldatzerik. Estrategia horretan, ezinbestekoa dute herri xehearen artean topa daitezkeen lan eta ekonomi baldintza desberdinak erabiltzea gure arteko batasuna oztopatzeko, bata bestearen aurka jarri nahi gaituzte eta horren aurrean, greba elkargune bat da: langabetuekin bat egiteko, politiken aldaketa bat aldarrikatzeko, herri subjektua identifikatzeko eta kontzientziatzeko.

Laburbilduz, maiatzaren 30eko greba orokorrak bi gauza lortuko ditugu gutxienez:

a) Herritarrek osatutako subjektu kolektibo bat aktibatzea interes orokorra defendatzeko.

b) Ariketa demokratiko garrantzitsu bat izango da erabaki sozioekonomikoak demokratizatu egin behar direla aldarrikatzeko.

Azkenik, asko dago hobetzeko mobilizazio moduetan. Tresna zaharrak eta berriak uztartu behar dira denboran zehar sostengatua den estrategia baten baitan; baina estrategia egoteko eta eraikitzeko askotan subjektu kolektibo baten parte izan behar da lehenengo. Berrikuntza taktikoa eta sorpresa planifikatua burmuin asko elkar harremanean sartu eta sormen kolektiboa astinduko denean etorriko dira. Horregatik da hain garrantzitsu maiatzaren 30eko greba orokorra, bere prestakuntza eta garapena beste une apropos bat izan daitekeelako herritarrak, mugimendu sozialak eta sindikatuak esparru komunak konpartitzeko eta artekaritza, kontzientzia hartze eta sormen lana bideratzeko.

Asier Blas Mendoza – Politika eta Administrazio Zientzien irakaslea UPV-EHUn
Advertisements
This entry was posted in Accountability, Articles (media), Socioeconomy and tagged , , . Bookmark the permalink.

Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s